martes, 19 de febrero de 2013

ESPECIES DE ESPACIOS


    Georges Perec-en liburu hau zeharo abstraktua iruditu zitzaidan irakurtzen hasi bezain laster. Orriak aurrera, ordea, idazleak pixkanaka eskaintzen duen pentsatzeko erak gero eta erakargarriagoa bilakatzen du liburua.




    Oroitzapenetara jo eta hauez baliatzen da Perec espazioaren eta denboraren definizioak emateko, ondo aztertu eta sailkapenak eginez. Bitartean, helburutzat gure pentsaera ohikotik urruntzea duela esango nuke; gizartean nabarmentzen diren ohiturek izatera “behartu” gaituzten ikuspuntutik urruntzea.

    Horrela, nire ustez liburuarentzat “plus” bat diren efektu bisualek, hainbat sentsazio sorraraztea lortzen dute irakurlearengan. Edozein liburu arruntetan aurki genezakeenetik ihesi, idazleak nahierara erabiltzen du orrialdea, espazioa bere buruak agintzen dion moduan antolatuz, eta gu ere berdina egitera tentatuz. Izan ere, gu gara espazioaren sortzaileak, frantsesaren hitzetan.

Nuestra mirada recorre el espacio y nos proporciona la ilusión del relieve y de la distancia. Así construimos el espacio: con un arriba y un abajo, una izquierda y una derecha, un delante y un detrás, un cerca y un lejos.”

martes, 12 de febrero de 2013

HABITATA




Zarauzko biotopoa Inurritza errekaren ibilbidearen azken ataletik hasi eta Kantauri itsasoaren parean hedatzen da. Euskal itsasertzetako aniztasunaren adibide diren asko aurki ditzakegu biotopo honen 51,7 hektareatan, zeinetan dunak, labarrak eta padurak nagusitzen diren.



Nire proiektua gauzatzeko, Inurritzako biotopoaren alboko atal bat aukeratu dut, Zarauzko Golfaren zati dena. Hau hondartzatik ehun bat metrora dago, biotopoari itsatsia eta Inurritza errekari begira. Aberastasun eta bestelakotasun handia nabari daiteke bertako animalia eta landareei dagokienez, lehen aipatutako hiru ekosistema horien baldintza oso desberdinak direla eta.


Horrela, dagoeneko hesi batez mugatua dagoen eremu lasai honen bidez eta “habitat” bat sortzeko nahiaz, bertako biztanle izango direnei naturarekiko lotura zuzena eskaini nahi izan diet. Inguru hondartsu eta aldi berean begetazio ugarikoak, biztanleei hiri edo herri bateko mugimendutik ihes egiteko aukera luzatuko diela iruditu zait, habitat hori sortzeko erakargarria bilakatzen duena.













sábado, 9 de febrero de 2013

ZER DA ARKITEKTURA?


Hitz zerrenda luze bat jaso ondoren, horietako bakoitza hartu eta horiek arkitekturarekin zuten zerikusiaz hausnartzen hasi ginen, bai eta guretzat zuten esanahiaz ere. Hitzak aukeratuz eta aukeratuz, garrantziaren arabera sailkatzeari ekin genion, faltan bota genituen batzuk gehituz. Horrela, guretzat arkitekturaren esanahia osatu eta bera biltzen duten hitzak gure proiektuan aurkeztu nahi izan genituen.














Horretarako, hitzak globotan jartzea erabaki genuen, hauek arkitektura altxa eta aurrera eramango balute bezela. Garrantzia handiena zutenei neurri handiagoko globoak eman genizkien, eta alderantziz txikienei, guzti hauen artean txabola baten bidez adierazi genuen ARKITEKTURA altxako balute bezela. Aldi berean, azken honen barnea osatuko luke hitz multzo handiak, tximiniaren bitartez kanpora irten denak.

DIKOTOMIAK


Bigarren lauhileko aurrenetariko klasean izan zen dikotomiak aipatu zizkigutenean. Irakasleek gure pentsaeraren mugez ohartarazi eta aurkakoak direnen artean dagoenaz hausnartzera bultzatu gintuzten. Horrela, hauen eta ikasleetariko bakoitzaren ekimenaz arbela oso bat bete genuen, guretzat aurkako esanahia zuten hitz bikoteak botaz. 

Ariketa honen bidez pentsaera zabalago bat izaten lagundu ziguten nire ustez; gure bizitzan zehar jarraitzen irakatsi dizkiguten ideiek milaka ikuspegi izan ditzaketelaz jabetzen. Azkenik, dikotomia bat aukeratu eta hau osatzen duten bi hitzen artekoa maketa baten bidez adierazteko eskatu ziguten, nire kasuan emaitza ondorengoa izanik:




Semaforo honen koloreen bidez ondo eta gaizki dagoena adierazi nahi izan dut, mugimendua eta geldirik egotea, legala eta ilegala,... Honen erdigunean eta bien arteko trantsizio elementu gisa kolore naranja egongo litzateke. 

viernes, 1 de febrero de 2013

NIRE GELA



Nire gela espazioa da; mugak baditu ere, askatasuna da.
Nire gelan beldurrik ez da, ezta naizen modukoa azaltzeko lotsarik ere, nire izana da eta ni berea, ni horrelakoa naizelako da bera modu hontakoa eta bertan dauden gauza eta sentimenduek osatzen naute ni. Horregatik bertan babestuta sentitzen naiz. Ni neu naiz.
Babesak lasaitasuna dakar, eta beraz nire gela hori ere bada.
Nire gela bizitza da: koloreak,usainak, argitasuna... bizitza zentzu osoan. Iragana da (oroitzapenak), eta etorkizuna (izango naizenaren ilusioa). Bi hauen bategitea ere bada, orain naizena da.
Hala ere, nire gelako onena bukatu gabe dagoela dela iruditzen zait. Gelako hormetan beti dago tokiren bat, egia esan gela osoa egon ohi da berria den zer edo zerren zain. Beraz, etorkizuneko esperientziekin gela betetzen joango naiz. Nahiz eta nire gelak aldaketak jasan, aldaketa hauek nik jasango ditudanekin bat etorriko dira, nire gelak beti esentzia bera mantenduko duelarik: neurea.