domingo, 7 de abril de 2013

LA BUENA VIDA



    La buena vidaren kapitulu hau irakurri izan ez banu, loft hitza entzutean, espazio ireki, zabal eta moderno bat etorriko litzaidake burura. Iñaki Abalosen hitzek, ordea, hauen jatorri eta esentziaz berri ematen dutenek, nire hauenganako iritzia aldatu dute guztiz.
    Lehen, bizitza nahiko bohemioa eta txiroa zeraman pertsona motak sortua, lofta honen oinarrizko beharrak asetzea helburu zuen espazioa zen. Gizartean nagusi zen pentsaerarengandik ihesi eta bizimodu alternatibo eta aske bat aurkitu nahian, beranduago euren bizileku bilakatuko ziren espazioak sortzen zituzten, hasiera batean arrazoi nagusiki ekonomikoak bazituzten ere (tailerrak, galeriak,...).

    Gaur egun eta nire ustez, ordea, lehenengo loften oinarri ziren erabilera aniztasunari eta ordenari diseinua eta luxua gailendu zaizkie, hauen benetako helburua ahaztuz. Ustekabean eta beharragatik sortuak izan beharrean, pentsaera itxi eta mugatudunen “kapritxo” dira, jatorriz zuten funtzioa alde batera utzi delarik.
    Dena den, Iñaki Abalosen hitzetan, loften sorreratik etxebizitza bat ez da metro karratuetan neurtzen, metro kubikoetan baizik. Hau dela eta, bertako biztanle direnak aske dira beren ekintza eta asmoak nahierara betetzeko, beraiek baitira espazioaren antolatzaile eta muga bakarra bertan.
    Beraz, loften jatorria ahanzturan utzi dela uste badut ere, hauen abantailak anitzak direla uste dut. Norberaren nortasuna plasmatzeko aukera dira, finkotasunarengandik urrun, etorkizunean ere aldakorrak izaten jarraituko dutenak, espazio itxi baina mugagabeak.

No hay comentarios:

Publicar un comentario