miércoles, 6 de marzo de 2013

TRINITATE PLAZA




Ikasturte honetako azken proiektua Donostiako Trinitate plazan aldaketa bat egitean datza. Plaza hau Donostiako harresien eraistearen mendeurrena zela eta eraiki zen 1963an, Abuztuaren 31 kaleak, Urgull mendiak, eta San Telmo elizaren, Santa Maria parrokiaren eta zenbait etxebizitzen atzealdeak mugatzen duten eremuan. Eraikin batek utzi zuen hutsunean eraiki zen, lehenago Jesuiten eskola baten eta espetxe baten kokaleku ere izan zena. Hau euskal kirolak gauzatzeko egokia izango litzatekeela erabaki, eta Luis Peña Ganchegui arkitektoak etorkizunean arrakasta handia izango zuen lanari ekin zion.

Horrela, eremu hura osatzen zuten elementu guztiak era ordenatu eta uniformean biltzea lortu zuen arkitektoak; plazarako sarrera babestu, eraikinen atzealdeko fatxaden desordena artikulatu eta Urgull mendiaren maldarekin bat egiten duten harrizko harmaila batzuen bitartez. Frontoiari ere etekin handia ateratzea lortu zuen, atzealdeko hormetan aldaketak eginez eta idulki batean goratuta mantenduz. Gainera, harmailetan “bolatokia” izango zen plataforma bat eraiki zen.

90eko hamarkadan, ordea, plazan aldaketak egiteari ekin zioten, haren elementuen arteko loturak hausten joan direlarik pixkanaka-pixkanaka, orain arte. Hasteko, probatokia zena saskibaloi kantxa bat bilakatu zen, eta era berean, bolatokia aldagela, horma batzuen bitartez. Horrez gain, duela gutxi San Telmo museoaren alboko eraikina bota eta berri bat eraiki da, museoaren handitzea helburu. Honek gainerakoarekiko batere loturarik ez duen elementu bat gehitu dio plazari nire ustez, plazaren batasun kromatikoa hausteaz gain. 


Hau guztia kontuan izanik, lan zaila iruditzen zait plaza honi onura ekarriko liokeen aldaketa batean pentsatzea, ez bainuke dagoeneko eginak dauden kalteak larritzerik nahi. Dena den, zalantza asko izan ondoren, nire proiekturako bolatokia aukeratu dut.





 



No hay comentarios:

Publicar un comentario